Jadanik Musikaire 2007 artxan dago
5 Julio 2007Klima aldaketa txiki uzten duen fenomeno bitxia gertatzen da Elorrion urtero, uztaila hurbildu ahala. Munduko toki askotatik hasten dira artistak agertzen, baita etxekoak ere; herriko txoko ahaztuak paraje zoragarritan bilakatzen dira, argia eta ilargia eta hego haizea lagun; jauregietako lorategi ezkutu misteriotsuak ikusgai jartzen dira, duten edertasun betean; ermita eta elizetara fededunak bezala fedegabeak ere hurbiltzen dira …

Izana duenak izena behar, eta Musikaire deitzen zaio Elorrion fenomeno honi. Hainbat asteburutan zehar gertatzen da, eta ez dago ordaindu beharrik ikusteko. Dagoeneko sona hartzen hasia denez, urtetik urtera jende gehiago hurbiltzen da. Hamar urte pasa dira Musikairek kultura kalera atera zuenetik.
Musika, antzerkia eta dantza dira mazedonia kultural honen osagaiak. Estilo anitzak guztiak, ume, gazte eta nagusien gozamenerako.
Aurten musikaren alorrean estilo ugari uztartzen dira, ukitu klasikoa duten kontzertuak; folk-a, jazz-a, musika klasikoa, flamenkoa, munduko musika, tradizionala… zein ukitu modernoa dituzten proposamenak; elektronikoa, ska-jazz, funk musika… Aipagarrienak Alasdair Fraser, Juan Manuel Cañizares, Ruper Ordorika edota New York Ska Jazz Ensemble bezalako taldeak dira.
Dantzari dagokionez, publiko familiarrarentzako egokiak diren Ballet Carmen Roché edota Mar Gomez konpainia ezagunak arituko dira. Euskal Herritik datorkigu dantza alorreko apustu berritzaileenak; Aukeran Dantza Taldearen “Bideak” eta Kukai & Logela taldeen “Taupadak” ikuskizunak.
Antzerkiaren alorrean, Yllana konpainiaren “Pagagnini” obraren musika, humorea eta antzerkia da azpimarragarria. Umeei zuzendutako ekintzak ere badira, Gorakada teatroaren “Gondola misteriotusa” edota Chong Quing konpainiaren txinatar akrobazia zirkua esaterako.
Antolatzailea Elorrioko Musikaire Elkartea da. Laguntzaileak, Elorrioko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, bbk Fundazioa, Eroski Fundazioa eta Elorrixoko hainbat enpresa pribatu. Jaialdiak 110.000 €-tako aurrekontua du.
Argia, soinua, dantza. Munduari begirada, baita etxekoari ere. Kulturaren molde berriak eta ohikoak.
Musikaire Elkartea